
Gure hotela dekoratzen duen artista
Anton Eguiguren Gorostegi.Zumaia (1946)
Hastapenak:
Gaztetatik hasi zen Anton, anaia Ramonekin batera, herriko panorama artistikoa berritzen. 60ko hamarkadan hasita, zenbait film labur eta beste obra batzuekin inpaktu handia eragin zuen, garai hartarako ausartak zirelako. Atentzioa ematen du ikusteak giro industrial eta klasiko hartan nola asmatu zuen Antonek bere sormena eta originaltasuna garatzen, eta hor ageri dira bere bizitzan eta obretan.
Bartzelonan
Mari Paz Agirrezabalagarekin ezkondu eta gero, Bartzelonara joan eta bi seme izan zituzten. Han egin zuen laneko bizitza handiena, eta anaia Ramonekin ikus-entzunezkoen munduan egin zuten ibilbide arrakastatsua: argazkigintzan, infografian, zineman eta publizitatean.
“Beti gustatu izan zait marraztea eta margotzea, baina gehienbat argazkigintzan eta publizitatean aritu izan naiz”.
Anton, margolaria
Txikitatik margotzen du Antonek —autodidakta da— , baina duela urte batzuk arte ez ditu lanak jendaurrean erakutsi. Margolari kolorista da, eta haren lanen ezaugarria da kolore indartsu eta lauak izatea, azken urteotan zuri-beltzari ere lekua egin dion arren.
Zumaian jarri zuen lehen erakusketa, eta gero etorri ziren Zarautz, Donostia eta Bilbokoak. Arrakasta ikusita, aukera izan zuen lanak beste galeria batzuetan erakusteko Madrilen, Bartzelonan, Londresen eta New Yorken. 2001etik erakusketa finkoa jarria du Zumaiako Landarte landetxean.
Anton hotelean
Artistak diseinatutako margolan handiek estaltzen dituzte hoteleko sarreretan ikusgai dauden hormak. Gela bakoitza dotore dekoratuta dago, artistak berak zehaztutako gaien arabera. Txoko batzuetan kokatutako zenbait totem ere ikus daitezke, eta hotelaren egitura osatzen duten zutabeetan bertan ere baditu margolanak. Egileak totem laukiak edo zilindrikoak erabili ditu margolanetako batzuei eusteko.“Pintura eta eskultura arteko nahaste bat da; obra aldatu egiten da,ikuslearen kokapenaren arabera”.
Hara bideo bat, 2011ko erakusketa bati buruzkoa.
Anton Xmas Oxford from Anton Eguiguren on Vimeo.